- logotipoa
Itzulpen automatikoa / Machine translation

Helburua:

Frontoi zaharraren eremua ordenamenduz kanpo geratu zen 2007ko arau subsidiarioetan, eta horrek mugatu egin ditu bertan egin zitezkeen esku-hartzeak. Ondorioz, frontoi berriaren kokalekua ikuspegi zabalago batetik aztertu du Udalak, herriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien ekipamendua irudikatzeko.

HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lanketari esker, aukera berri bat zabaldu da: frontoi berria Palotako eremuan kokatzea. Eta Udalak bi kokalekuen aurreproiektuak landu ditu XS arkitektura bulegoarekin elkarlanean: bata Palotan, eta bestea Abaromendin.

Landutakoak ez dira behin betiko proiektu itxiak. Horren ordez, kokaleku bakoitzaren aukerak aztertzeko garatu dira: frontoi berria eremu bakoitzean nola txertatuko den, zer erabilera-aukera eskainiko dituen eta kokalekuaren izaerarekin zer harreman izango duen irudikatzeko.

Landutako bi aukerek behar ezberdinei erantzuten dietenez, kokalekua herritarrekin batera erabakitzeko prozesua abiatu du orain Udalak. Eta erabakia hartutakoan, herriko eragileekin osatuko du behin betiko diseinua, espazioaren erabilerak, beharrak eta ezaugarriak zehazteko.

Orain, beraz, herritarrei luzatuko zaie galdera: frontoi berria non kokatzea nahiago duzu? 


Sailak:

Bulego Teknikoa, Kirol saila

Epea:

2026-06-07


Urratsak:

  • Proiektuak ikusgai

    Bi proiektuak ikusgai egongo dira maiatzaren 22tik aurrera, turismo-bulegoan.
  • Bozketa egunak

    Turismo-bulegoan ekainaren 5ean, 6an eta 7an.
  • Baldintzak

    Orion erroldatuta egotea (2016-01-01 aurretik), bozketa egunean 18 urte beteak izatea eta NANa edo baliozko dokumentu ofiziala aurkeztea.
  • Zenbaketa

    Ekainaren 7an, igandearekin, 20:00etan egingo da botoen zenbaketa udalbatzarraren aretoan, jendaurrean eta idazkariarekin.
  • Emaitzaren balorazioa

    Herri-galdeketa, legalki, loteslea ez izan arren, udal-alderdiek konpromiso politikoa hartzen dute herritarren hitza errespetatzeko, parte-hartze langarik jarri gabe. Eta emaitza ikusita, alderdi politikoek dagokion batzordean eta udalbatzarrean bozkatuko dute behin-betiko kokalekua, herritarren gehiengoaren nahia oinarri hartuta.

Proiektuak

Herriguneari lotuta

  • Palota eremuan kokatuz gero, frontoiak plaza- eta kultur-izaera izango du, OKEPE Orioko Kultur Eskaintzaren Plan Estrategikoan jasotako ondorioekin lerrokatuta. Frontoia herrigunetik gertu egongo da, eta pilota ardatz izan arren, espazioaren erabilera anitzagoa izango da: musika, dantza, festa, beste kirol jarduerak… 

    Horrez gain, frontoiaren jarraipen gisa, kultur areto berri bat eraikitzeko eta Kosta Tailerraren azpiegitura osoa eguneratzeko aukera landu da.

    Irisgarritasunaren eta mugikortasunaren aldetik, gainera, frontoia kokaleku estrategiko batean egongo da, eta erosotasuna eta gertutasuna izango dira ezaugarri nagusiak.

    Laburbilduz:

    • Herrigunetik gertu, plaza-izaera duen herritarrentzako topagune estali berria
    • Kirol jardueraz gain, espazioaren erabilera zabala eta kultur-ekipamenduak hobetzeko aukera.

Kirol-azpiegitura sarea

  • Kirol eskaintza osatzea izango da proiektuaren helburu nagusia. Herrigunetik urrunago egongo da, baina gune irisgarria da eta ondo komunikatuta dago. Frontoi berriarekin, herriko kirol ekipamenduak osatuko dira: atletismoko pista txikia, frontoi txikiak… 

    Frontoiaren erabilera zehatzago bat planteatzen du, pilota eta kirol-jarduera erdigunean jarrita. Eta horrekin batera, herriko kirol-azpiegitura sarea indartuko da, kirolerako gune berri bat sortuta.

    Eraikin itxiai izango da, eta barruan, frontoiaz gain, padeleko pista jartzeko aukera aurreikusi da.

    Laburbilduz:

    • Herrigunetik aldenduago, baina leku irisgarrian.
    • Pilotari lotutako erabilera zehatzagoa, eta herriko kirol-azpiegitura sarearen osagarria.